Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu orrira eginiko bisita kudeatzeko eta zure nabigazioari buruzko informazioa biltzeko, webgunearen trafikoa aztertzeko xedez. Argibide gehiago
Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergaren Tributu Aitorpena.
Zerga honek hiri-lursailen balioaren gehikuntza zergapetzen du, gehikuntza hori agertzen delarik dela lursailen jabetza eskualdatzearen
ondorioz -hori edozein motatakoa izanik ere (salerosketa, dohaintza, herentzia eta abar)-, dela jabaria mugatzen duten lursail
horien gaineko gozamen-eskubide errealak eratu edo eskualdatzearen poderioz.
AITORPENA EGITERA BEHARTUA - AITORTZAILEA
Kosturik gabeko eskualdaketetan, ESKURATZAILEAK egin behar du aitorpena eta ordaindu behar du zerga, zergaren subjektu pasibo
gisa.
Kostu bidezko eskualdaketetan, 2017/01/01aren ondorengo eskualdaketei dagokienez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995
Foru Legea aldatzen duen 29/2016 Foru Legea indarrean sartzearen ondorioz, ESKUALDATZAILEAK egin behar du aitorpena eta ordaindu
behar du zerga, subjektu pasibo zergadun gisa. Hala ere, eskualdatzailea Espainian bizi ez den pertsona fisiko bat denean,
eskuratzailea zergadunaren ordezko izango da, eta, beraz, zerga ordaindu beharko du. Hipoteka-zordunek egindako eskualdaketetan
(prozedura judizialetan, judizioz kanpoko salmentetan, ordainean ematen denetan eta finantza-erakunde hartzekodunen, higiezinen
filialen edo aktiboak kudeatzen dituzten sozietateen aldeko gainerako eskualdaketetan), ohiko etxebizitza eskualdatzen bada,
betiere titulartasunean duen etxebizitza bakarra bada, eta konkurtso-prozedura baten barruan hipoteka-betearazpenetik eratorritako
ohiko etxebizitza ez diren beste ondasun batzuen eskualdaketetan, eskuratzen duen entitate edo pertsona zergadunaren ordezkotzat
hartuko da, eta aitorpena egin eta zerga ordaindu beharko ditu.
2016/12/31ra arte egindako eskualdaketetan, ESKURATZAILEAK aurkeztu behar du aitorpena eta ordaindu behar du zerga, zergadunaren
ordezko gisa (salbu eskuratzaileak salbuespen subjektiboa badu; kasu horretan, eskualdatzaileak).
Zerga-aitorpena aurkezten den unean ZERGAPEAN EZ EGOTEAREN BEHIN-BEHINEKO AITORPENA eskatu ahal izango du aitortzaileak; horretarako,
lurraren balioaren gehikuntzarik ez dagoela egiaztatu beharko da, dagozkion agiriak aurkeztuz. Ondoren egiten den egiaztapen
administratiboak zergapetzea ekarriko du, baldin eta balio-gehikuntza dagoela ondorioztatzen bada, edo ordaindutakoa itzultzea,
balio-gehikuntzarik ez dagoela egiaztatu eta likidazioa eginda badago, betiere Udalak zerga-zorra zehazteko duen eskubidea
edo zergadunek bidegabeko diru-sarrerak itzultzeko duten eskubidea preskribatu ez bada.
JAKINARAZTERA BEHARTUA - JAKINARAZLEA
Dohaintza-emaileak, dohaintzetan, eta eskuratzaileak, kostu bidezko eskualdaketetan, beti jakinarazi beharko diote Udalari
higiezinen eskualdaketa, zerga ordaintzera behartuta egon ez arren.
Bulego honetara joan aurretik, hitzordua eskatu behar da Interneten
Eskatu hitzordua>AURKEZTEKO BIDEAK:
Iruñeko Udalaren Zergadunendako Arreta Bulegoa, aurrez aurre: EZINBESTEKOA DA AURRETIKO HITZORDUA ESKATZEA TELEFONOZ (010
EDO 948-420100) EDO TELEMATIKOKI UDALAREN WEBGUNEAN.
Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoa.
Subjektu pasiboak edo haren ordezkariak aurkeztuko du aitorpena 2 hilabeteko epean sortzapenaren egunetik hasita, inter vivos
egintzen ondorioz gertatu denean, eta heriotzatik 6 hilabeteko epean, heriotza baten ondorioz gertatzen denean; kasu horretan,
epea urtebete arte luzatu ahal izango da, subjektu pasiboak eskatuta.
Aitorpena ezarritako epeetatik kanpo aurkezteak Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren
52.3 artikuluan aurreikusitako errekarguak ezartzea ekarriko du.
Zerga-aitorpena aurkezten den unean ZERGAPEAN EZ EGOTEAREN BEHIN-BEHINEKO AITORPENA eskatu ahal izango du aitortzaileak; horretarako,
lurraren balioaren gehikuntzarik ez dagoela egiaztatu beharko da, hurrengo apartatuan zehaztutako agiriak aurkeztuz.
Aitortzaileak eskatu ahal izango du, halaber, zerga-oinarria lurra eskuratu eta eskualdatzeko benetako balioen arteko diferentziaren
bidez zehaztea, diferentzia hori legeak aurreikusitako formularen arabera kalkulatutako zerga-oinarria baino txikiagoa dela
egiaztatutakoan, LFHLNren 175.7 artikuluarekin bat. Aurkeztu beharreko agiriak aurreko paragrafoan adierazitako berak izango
dira.
Horretarako ezarritako inprimakia, aitortzaile edo jakinarazle den adierazita. (*)
Zergapetzea eragiten duen egintza, egitatea edo kontratua jasotzen duen jatorrizko agiria (eskritura publikoa, kontratu pribatua,
agiri judiziala eta, mortis causa eskualdaketetan, jaraunspena onartzeko eskritura edo, hala badagokio, jaraunspena onartzeko
agiri pribatua, testamentuarekin eta haren fotokopiarekin batera, azken nahien adierazpenaren edo jaraunsleen adierazpen judizialaren
kopia eta heriotza-ziurtagiria).
Aitorpena egitera behartuta dagoenaren NANa. Aitorpena egitera datorrena behartua ez bada, bere NANa eta behartuaren NANaren
edo IFKaren fotokopia aurkeztu behar ditu, edo behartuak ordezkariari baimena emateko agiria.
(*) AITORTZAILEAK (kostu bidezko eskualdaketetako eskualdatzaileek, 2017/01/01etik aurrera; kostu bidezko eskualdaketetako
eskuratzaileek, 2016/12/31ra arte; kosturik gabeko eskuratzaileek, ...), ZERGAPEAN EZ EGOTEAREN BEHIN-BEHINEKO AITORPENA eskatu
ahal izango du zerga-aitorpena aurkeztearekin batera, aitorpen-inprimakian horretarako aurreikusitako laukia markatuta eta,
gainera, zergapean ez egotearen aitorpena eskatzen den ondasunen eskuratze-datako benetako balioa egiaztatzen duten agiriak
erantsita.
Eskuratzea KOSTU BIDEZKOA izan bada, higiezina eskuratu izana dokumentatzen duen titulua (eskritura publikoa) aurkeztu beharko
du, zergapean egondako azken eskualdaketari dagokiona. Eskuratzea KOSTURIK GABEKOA izan bada (jaraunspenak, dohaintzak...),
eskuratzaileak oinordetzen edo dohaintzen gaineko zergaren ondorioetarako aitorpena aurkeztu beharko du, jaraunspena edo dohaintza
zergapean egon bazen. Bestela, zergapean egondako azken eskualdaketaren eskuratze-titulua edo oinordetzen gaineko zergaren
ondorioetarako aitorpena aurkeztu beharko du. Kosturik gabe eskuratu duenak lurraren egungo benetako balioa egiaztatu beharko
du oinordetzen edo dohaintzen gaineko zergaren ondorioetarako aitorpenaren bidez. Nolanahi ere, balioa egiaztatu aurretik
egindako zergapean ez egotearen behin-behineko aitorpena gero egiaztatuko da; beraz, balio-gehikuntza frogatzen bada, lurraren
eskualdaketa zergapean geratuko da eta dagokion zerga-likidazioa egingo da.
Aitorpen telematikoan, aurreko agiriak PDF formatuan eskaneatuta aurkeztuko dira.
Zergatik salbuetsita egongo dira, besteak beste, ezkontideek ezkontza-sozietateari egindako ondasunen ekarpenak, eta herentzia,
legatu, dote, dohaintza edo beste edozein doako gainerako tituluren bidezko ondasun-mota guztien eskualdaketak, aurrekoen,
ondorengoen eta ezkontideen artean egiten badira.
Babes ofizialeko etxebizitzek gainbalioa ordaintzen dute, etxebizitza libreek bezala.
Udalaren webgunean adierazpen telematikoa egiteko, beharrezkoa da sinadura elektronikoa izatea. Hauek prozedura telematikoa
erabili behar dute: pertsona juridikoak, nortasun juridikorik gabeko erakundeak, nahitaez kolegiatu beharra duten jarduera
profesionaletan ari direnak, hartu-emanak nahitaez elektronikoki egin behar dituzten interesdunen ordezkariak. Aitorpen telematikoetan,
likidazioaren jakinarazpena era telematikoan egingo da aitorpena aurkezten duenaren herritar karpetan. Aitorpen presentzialetan,
aurkeztutako agiriak eta onartutako likidazioa jaso egin beharko ditu interesdunak, aitorpena egiteko unean adieraziko zaion
egunean.
Ordainketa likidazioaren jakinarazpenean adierazten diren epean eta moduan egingo da, eta, epe hori igaro ondoren, premiamendu
bidez bilduko da.
Unitate izapidegileak beretzat gordetzen du beste edozein agiri-mota osagarri eskatzeko aukera, izapidea zuzen kudeatze aldera.
2026ko 4. ordenantza fiskala, Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga arautzen duena.
2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa (172-177 artikuluak), abenduaren 28ko 29/2016 Foru
Legeak eta 2017ko abenduaren 30eko 19/2017 Foru Legeak egindako aldaketekin.
Iruñeko Udaleko Ez-aldizkako Tributuetako Departamentua (lehen Gainbalioak eta Errentak)